Menpekotasunak

Menpekotasunak neurrigabeko ohiturak dira. Era inkontziente batean gara heurekiko menpekoak. Erakargarri edo gustagarri suertatu dakizkiguke eta erabat normalak direla edo eta nahi dugunean utzi ditzakegula sentitu genezake. Nahi dugulako bizi ditugula pentsatzen dugu, baina jakitun ez garena da haiekiko dugun dependentziaz.
Sustantziekin lotutako menpekotasunak dira ezagunenak, alkohola, tabakoa edo beste drogekin izandakoak alegia. Baina beste era bateko menpekotasunak ere ba dira, ez horren ezagunak adikzio moduan baina aski arruntak, sexua, kirola, lana, festaz atera edo janaria izan daitezkeen moduan. Azken finean edozein aktibitate izan daiteke, gehiegikeriaz kontsumitzen dugunean. Eta hona hemen galdera garrantzizkoa. Noiz da gehiegikeriaz?
Erantzuna honela aurkitu dezakegu. Gai ahal gara aktibitate hori bertan behera uzteko? Eta lortuz gero, lasai eta antsietate barik ala ezinegonarekin aurkitzen gara? Gure buruari justifikazioak (edo arrazoinamenduak) ematen aurkitzen badugu aktibitate bardina mantentzeko, bai ala bai menpekotasun bat da. Uzteko kapazak bagara, baina zeozeren faltan somatzen badugu gure burua, menpekotasun bat da ere.
Oso arrunta da “ez, nik nahi dudanean uzten dut” esaldia entzutea, adikziodun aktibitatea mantentzen den bitartean. Edo eta “nik egindakoa normala da” entzutea. Normal hitza, batzuentzako gauza bat izan daiteke eta besteentzako beste bat. Ez da horrenbeste kontsumitutako kantitatea baizik eta egindakoarekiko dependentzia. Gure egunerokotasunean menpekotasun hauek nola dauden txertatuak aztertzea, seinale garrantzitsu bat izan daiteke.
Inork pentsa dezake, kirola egitea beharrezkoa dela osasunerako. Egia da hori, baina konturatzea ze puntutaraino izan daitekeen gure estresa bideratzeko era bat edo egoera jakin bat ekiditzeko bide bat, oso garrantzitsua da.
Menpekotasunekin, gure errealitateetan lortzeko gai ez garen gauzak lortzea ahalbidetzen dugu. Batzuentzako lasaitasuna eskuratzeko bidea izan daiteke. Beste batzuentzako haien arazoetaz ahazteko bidea. Beste batzuk ordea norbaitengandik urrun mantentzeko era. Beste batzuentzako sozializaziorako bidea. Aintzat hartu gabeko arrazoi anitz asko, eta betetzeko premia biziarekin. Denborarekin, beharrizan hauek behar bezala aintzat hartu ezean, menpekotasun ohitura hauengatik harrapatuak aurkituko gara, gaixotasunak eta zokoratze sozialak eragin diezazkigukeelarik.
Menpekotasunek, konpondu gabeko gatazka bati aurre egin beharra erakusten digute. Gatazka hauek normalean, gure hurbileko pertsonekin suertatzen zaizkigu, hau da bikote, aita edo amarekin. Eta adikzioak eskuratzea lortzen diguna da pertsona hauekin defendatzen ikasi behar duguna.
Adibide batzuk ipintzearren, menpekotasunak sozializatzea lortzen digunean, konpondu beharreko gatazka gu geu nor garen erakusten jakitea, gure buruari garrantzia ematen jakitea eta jendeari erakusteko gai izatea dira. Lasaitasuna denean menpekotasunak lortzen diguna, gatazka gure mugak ezartzen jakitean datza, gure prioritateak defendatzen jakitea eta molestatu ez gaitzaten. Arazoetaz ahazteak, orainaz gozatu eta ondo pasatzen jakitea ditu gatazka konpondu gabe moduan, baita arduratzen gaituen horri aurre egitea. Menpekotasunak norbait edo zerbaitengandik ihes egitea dakarkigunean, konpondu gabeko gatazka erlazio horri aurre egitea da, arazoak konponduz eta gure buruarekiko armonia aurkituaz.
Menpekotasunen bitartez, gure arazoetatik ihes egitea lortzen dugu, eta guztiek atzetik konpondu gabeko gatazka emozional bat dute. Pertsonak emozionalki egonkor eta bakean aurkitzen garenean, ez dugu gure errealitateari aurre egiteko inolako sustantzia edo adikzioren beharrean aurkitzen. Menpekotasun guztiek, autoestimua gabeziak eta gure bizitzetako erronkak gure kabuz aurre egiteko gai ez garenaren sentsazioa eragiten diguten desoreka emozionalak erakusten dizkigute. Agian ez gara hau era kontziente batean ikusteko gai, baina jarrerak aztertuta, hau agerian geratzen zaigu, eta honela zeozer aldatu edo konpontzeko dugunaz jabetzea ahalbidetzen digu.
Menpekotasun hauek zeozer txarra balira bezala ikus genitzake, hauek ezkutatuaz edo ezeztatuaz. Edo eta gure buruak aztertu eta ezagutzeko aukera bezala ulertu genitzake, gure beharrizanak era holistiko eta oso batean aintzat hartuaz.
Menpekotasun hitzak gaur egunean esangura ezkor bat du, baina ez da ahaztu behar denok garela hein handi batean zeozerekiko menpekoak, eta egoera hori gure buruak ulertu eta osatzeko aukera bat baino ez dela. Menpekotasunek ez gaituzte hobeak edo txarragoak egiten, baina adierazten digutena da barne sufrimendu bat. Gure “akatsak” “dohain” bihurtzeko abagunea ematen digute. Gure menpekotasunak identifikatzeko gai garen heinean, izango dugu aukera ikasketak egin eta gure buruak osatzeko. Eta euskaraz “osatu” hitzak garrantzi handia dauka, ze erdarazko “completar” hitza adierazten du baina aldi berean ere “sanar”. Eta hori da hain zuzen ere menpekotasunen errekurtso bikoitza.